XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hala ere, superstizio baten bila nator: pertsona, animalia edo dena delakoa hilik uzten duen txakur eroarena.

Bonga edo holako zerbait deitzen omen diote.

Londreseraino heldu dira zurrumurruak, eta afera interesgarritzat jo dute nire departamentuko buruzagiek, ni honaino bidaltzeko lain.

Iluntasun aztarna nabaritu nuen neure solaskidearen aurpegian, eta erantzuna ematen hasi baino lehen iragandako bizpahiru segunduek, arras adierazgarriak iruditu zitzaizkidan.

- Bai, zerbait entzun dut, baina zoritxarrez ezinezko egiten zait oraingo honetan zeuri laguntza edo informazio zehatzik ematea.

- Baina, zerbait entzun baduzu, horrek esan nahi du mitoak benetako esistentzia erreala duela!.

- Bai... edo ez.

Egia esan, beltz atzeratu hauen artean zabaltzen diren zurrumurruak, edo sineskeriak, kontutan hartzekoak balira, erabat zoraturik amaituko zenuke, aipatu duzun txakurra baino gehiago.

Badira, pertsonaren bizitzan, momentu batzuk, zeintzuetan ziztada batez bide okerra hartu duzulako ondorioa atera, eta konstatazio honek sorterazten dizun larriduratik beharrezkoa den energia lortzen den, bidezko aldaketa burutzeko.

Holako zerbait gertatu zitzaidan, agian, abadearekin.

Neure bidaiaren helburua lortu nahi izanez gero, honekiko konpromezu estuagoa izan behar nuela argi zegoen.

Eta arazoaren muinari heldu nahian, bi besoetatik hartuta, erretolika bat aurpegiratu nion: - Entzun, nik ez dut egin horren bidaia luzea anbiguitateak besterik ez entzutearren.

Ez dut uste zaldun ingeles bati azaldu behar zaionik antropologoen gogoetak zernolakoak diren, are gutxiago zientziaren helburu nagusia gizadiaren alde jokatzea dela.